SAN NIKOLAS IKASTOLAren historiaren abiapuntua orain dela 40 urte kokatu behar dugula esan beharra dago. Hain zuzen ere, 60ko hamarkadan.
Ez dugu ahaztu behar garai horretan bizi izaten zen egoera errepresibo bortitzak askatasunaren edozein izpi zapaltzen zuenik. Areago, euskarak eta euskal kulturaren ingurukoak islatzen zuten gizartea eta herriaren identitatea.
Baina, identitate honek bizirik irauten zuen Euskal Herri osoan eta zenbait familia taldeka antolatzen hasi ziren, beren seme-alabei heziketa euskaldun eta euskaraz emateko asmoz.
Getxoko udalerrian, 1.963 urtean, bederatzi familiak jarri zuten SAN NIKOLAS ikastolaren hazia, gela batean 12 ikasle, Begoña Abaitua andereñoarekin antolatu zutenean. Ez dago esan beharrik, familia hauen ahalegina eta ilusioa nolakoa izan zen. Izan ere, gela Algortako etxebizitza batean zegoen eta errekurtso ezak eta zailtasunak gainditzen ziren heinean proiektuak aurrera egin zuen.
Hurrengo ikasturtean 45 ikasle zegoen, geroago 92, 120… eta honela 1.968 urtean 202 ikasle eta zortzi gela izan arte.
Hazkundea zela eta, Alangoeta kaleko txaletera (220 metro karratukoa) aldatu zen ikastola eta hortik Bidebarri kaleko behekora (400 metro karratukoa). Hazkunde izugarri honek adierazten duenez, bai gurasoen artean, bai irakasleen artean kontzientziazioa oso handia zen. Eta zailtasun bat aipatzearren, ikastola ‘centro de libre enseñanza’ zen, hau da, ikasleek, euskaraz ikasi arren, azterketak gaztelaniaz egin behar zituzten eskola publikoan.
Egoera hau 1.969 ko ekainaren 11 arte luzatu zen. Hain zuzen ere, data honetan ikastolak ‘centro no oficial de enseñanza primaria’ delako baimena lortu zuen.
1970 – 1971 ikasturtean, 338 ikasle zegoela, ofizialki erregistratzen da ‘cooperativa de enseñanza San Nikolas’.
Kooperatiba honen lehenengo helburua gelen sakabanatzeak zekarren arazoa ekiditea izan zen. Izan ere, garai hartan, bost gela txaletean, zazpi Bidebarrin eta 2 etxebizitza batean zeuden. Horretarako, Algortako Hezetasuna auzoan 1.850 metro karratuko orubea erosi zuten.
Eraikinak bi fasetan egin ziren. Lehenengoan, 18 gelako eraikina, idazkaritzarako bulegoak, liburutegia, gimnasioa eta jolastokia zuelarik. Bigarrenean, geroxeago banatuko ziren 300 metro karratuko bost solairu.
Ikastolaren hasieratik hamar urte pasatakoan, 1.973. urtean, 500 ikasle zegoen eta proiektua etorkizun handiko errealitate bilakatua zegoen. Hala ere, bidea oraindik oztopoz beteta zegoen, baina langileen, zein irakasleen, zein gurasoen lanaz eta talde trinkoa osatuz gainditu egiten ziren.
Baina gizartea aurrera egiten duen heinean hezkuntzak ere bilakaera izaten du. Horrela, ez zen nahikoa heziketa akademikoa, benetako erronka ikasleen heziketa integrala zelarik. Ondorioz, Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren edukiak eta heziketa mailak garatzeaz gain, beste helburu batzuk ere, ba ziren:
- Euskara eta euskal kultura zabaltzea
- Gizarte aske eta demokratikoan molda zitezkeen gizakiak heztea
- Inguruko ohiturei begirunea erakusten zuten gizaki sortzaile, arduratsu, profesional eta unibertsitarioak heztea
Helburuak direla eta, heziketa pertsonalizatuagoa garatu zen, gelako ikasle kopurua txikiago jarri zelarik. Honez gain, irakasleek, birziklatze ikastaroetan parte hartu, ikastetxe desberdinetako irakasleen arteko lan komuna burutu, esperientzia eta irizpide desberdinetatik edan… egiten zuten, ikasleen maila akademikoa eta prestakuntza etengabe hobetzeko asmoz.
Hori zela eta, heziketa ez zen gelara mugatzen eta eskolatik kanpoko ekintzak, bai ikastolan berton, bai ikastolatik kanpo, aurrera eraman ziren. Aipatu beharra dago hauetarako gurasoek betetzen zuten lana.
Lehen aipatu dugunez, 1.968 – 1.969 ikasturtean 120 ikasletik 202 ikaslera eta 5 gelatik 8 gelara pasatu zen, hau da, % 68’33 ko igoera. Baina beste une aipagarria 1.976 – 1.977 ikasturtea izan zen, 24 ikaslez osaturiko BBB ko (Batxilergoko) lehenengo gela martxan jarri baitzen.
Hurrengo ikasturtean, 1.977 – 1.978 an, bi urteko ikasleentzako gelak ireki ziren, hiru geletan banatutako 54 ikaslek parte hartu zutelarik. Eta horrela 1.981 – 1.982 ikasturtera heldu ginen.
Honetan, 1.490 ikasle eta 51 gela zegoen eta bi urteko ikasleengandik hasita UBI raino heltzen zen. Baina leku falta zela eta, Asanblada Orokorrean BBB eta UBI ko ikasleak eta irakasleak Getxo III institutura eramatea erabaki zen, hantxe D ereduko (euskaraz) batxilergoa ziurtatzen baitzen.
Honek ekarri zuen ikaslegoaren urritzea, ikasle gazte berri gehiago hartu ahal izan arren.
Urteak joan urteak etorri, gizartean ere aldaketa politiko, ekonomiko… eman dira eta SAN NIKOLAS ikastolak aldaketei aurre egin die. Horrela, zerbitzu gehiago eskaini dira, autobusa, jantokia, eskolaz kanpoko ekintza ugari (pilota, futbola, saskibaloia, boleibola, balet, pintura, musika, ingelesa, bertsolaritza…)
Gaur egun, bi eraikin dauka ikastolak, bata bestearen ondoan. Batean haurtzaindegia eta haur hezkuntza eta bestean lehen eta bigarren hezkuntza daudelarik. Eta eraikin hauen hobekuntzak etengabe burutzen dira.
Azkenik, SAN NIKOLAS ikastolaren kokapena aipatu behar da. Izan ere, Getxoko hirigunean dago, eta hori dela eta herriko hainbat ekintzatan (sozialak, kulturalak…) parte hartzeko aukera ezin hobea daukagu. Beste aldetik, Fadurako polikiroldegietatik ere oso hurbil gaude eta hauen erabilera errazten du honek. Horregatik, ikastolako ikasleek inguruko ekintzetan murgiltzeko aukera paregabea daukate.